XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Mari Irigoien Altzan jaio zen 1948. urtean.

Herriko sendagilearen seme, honen literaturzaletasuna eta amaren izpiritu indibidualista jaso zituen.

Donostiako Mundaizen egin zituen bere lehenengo ikasketak, ondoren OPUSen Injenieritza Industriala ikasteko.

Baina ez da honetara inoiz dedikatuko, ez bait zaio gehiegi atsegin.

Nahiago zuen futbolean aritzea; honela, Herrerako Sportinen eta baita ere, denbora batez, Sansen jokatu zuen.

Baina hau utzi behar izan zuen ikasketek ez ziotelako jolasteko behar adina denbora uzten.

Injenieritza ikasketak amaituta Bilbora doa Medizina ikasteko asmotan, baina lau hilabete barru utzi egingo du.

Hogeitabi urtetan, krisi esistentzial batean murgilduta eta heriotzaren irudia ezin aldendurik, Hego Ameriketara bidaia bat egiten du interesgarria izango delakoan.

Amazonaseko oihanean ibiltzen da; baina gaixotasun batek beharturik, hau utzi eta Caracasera doa.

Fisika eta Matematika klaseak ematen urte bete igaro ondoren, Euskal Herrira itzultzen da.

Hemen, Oiartzungo ikastolan euskarazko klaseak ematen ditu.

1974. urtean Ciudad de Irun saria irabazten du Hutsetik esperantzara olerki bildumarekin.

Garai honetan, Maracaibon esperientzi sozial bat egiteko asmotan dagoen lagun batengandik eskutitz bat jaso eta bere menturazaletasunari amore emanez, berriro joaten da.

Euskal Herrira berriro itzultzerakoan Oilarraren promesa idazten du.

Honek ez du izango bizi izan dituen esperientziekin zerikusirik.

Euskadiko Kritikaren Saria irabaziko du liburu honekin.

Idazten duen hurrengo nobela ere saritua izango da, Poliedroaren hostoak Resurreccion Maria de Azkue saria eta geroago Kritikaren Saria irabaziko ditu.

Liburu hauetaz gain Lope de Agirre nobela idatzi du euskara errazean, Gau Eskolei begiratua egina.